miércoles, 10 de abril de 2013

APIRILAK 21 "Euskara herria josten" BILATORTAN!

Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak eta Nafarroako zenbait elkartek elkarlanean, euskararen ofizialtasunaren aldeko jaia antolatzen dute urtero, eta aurtengoan hilaren 21ean, igandea, egingo dute Bilatortan, ‘Euskara Herria Josten!’ lelopean.

Nafarroan, Vascuencearen legeak hiru hizkuntz eremutan banatu du lurraldea, eta zaila da euskara ofiziala ez den zonaldean bizi diren horientzat, gure hizkuntza den honetan hazi, hezi, lan egin eta egunerokotasunean jardutea. Errealitate horretaz jabeturik eta euskarak Euskal Herri osoan ofiziala izan behar duela aldarrikatzeko, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak lan handia egin du azken urteetan, eta besteak beste, eremu ez euskalduneko herri batean euskararen aldeko egun osoko jai erraldoia antolatzen du urtero.

Aurtengoan Bilatorta izan da hautatuko herria, Lizarraldeko 1.200 biztanle inguruko herritxoa. Apirilaren 21a, igandea, izango da egun handia, eta goizeko 10:00etatik hasita eta bost gunetan banaturik, ekintzaz beteriko jardunaldia prestatu dute herritarrek eta inguruko elkarteek, Sortzen-Ikasbatuazekin elkarlanean.

Kale animazioak goizean goizetik hasiko dira, eta txarangak, batukadak, gaiteroak eta elektrotxarangak ez dira faltako egun osoan zehar herriko kaleetan. Halaber, bertso saioa, dantza emanaldia, haurrentzako pailazo eta ikuskizunak, aizkolari eta harri-jasotzaileen erakustaldiak, eta nola ez, kontzertuak eskainiko dituzte plaza eta zelaiguneetan. Ez zen Balea, Bide Bakarra, Bolbora eta Trikidantz taldeak arduratuko dira eguna girotzeaz.

Gosea sartzen denerako, bazkari herrikoiaren prestatu dute, eguerdiko 14:30ean kiroldegian, eta atseden hartu eta freskatzeko aukera ere izango da. Beraz, Euskara Herria Josten! lelopean, euskararen alde ongi pasatzeko eguna izango da apirilaren 21ekoa.


No hay comentarios:

Publicar un comentario